XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Murillo estraditatzeko eskaera errefusatu egin du Mexikok

DONOSTIA

Esteban Murillo Zubiri euskal errefuxiatua estraditatzeko eskakizuna ez onartzea erabaki du Mexikoko Gobernuak pasa den ostiralean.

Justizia espainiarrak haren estradizioa eskatu zuen polizia baten hilketan parte hartzearen akusaziopean.

Horrela, epailearen erabakia berretsi egin du Mexikoko Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak, estradizio eskakizunak bideratzen dituen erakundeak.

Epailea estradizioaren aurka agertu zen esanez Esteban Murillo Zubirik Espainian pertsekuzio politikoa jasaten zuela.

Gobernua bat etorri zen, Luis Perez de la Fuente epailearen epaia edo eritzi judizialarekin, eta ETArekin zerikusirik duten arazo guztiek kutsu politiko nabarmena dutela baieztatu zuen.

Joan zen ostiralean hartu zuen erabakia aipatutako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak, Egin egunkariak igandean kaleratu zuenez.

Idazkaritzak persegitu politikoa izatea onartzen du eta exiliatu politikoaren izaera ematen dio.

ETAren izaera politikoa eta Estatuarekiko enfrentamendua onartzen ditu baita ere.

Murillo Mexiko hiriko Reclutamiento Sur espetxean dago, Populazioaren Legea hausteagatik ezarritako 9 hilabeteko zigorra betetzen.

Zazpi hilabete t'erdi iragan dira gartzelatua izan zenetik.

Murilloren askatze eta egoeraren erregularizazioari buruzko erabakia Barne Ministeritzaren parekoa den Gobernazio Idazkaritzak hartu behar du.

Idazkaritzak, Murillok eta bere abokatuek exiliatu politikoaren dokumentazio osoa eskuratzeko eginiko eskaerari erantzun beharko dio.